'Oinez ikasi orduko, hegan egiten ahantzi' Anari

20100124

anbizioa porrotaren azken gordelekua da



Nork esan zuen ez dut gogoratzen. Gogoan daukadana honakoa. Nire bizitzako lehenengo momentuetatik, inguruan izan ditudan helduek nigandik asko espero izan dute. Euren itxaropen, frustrazio eta ametsak nigan egi bihur zitezkela uste izan dute. Gurasoetatik, batez ere ama, hasiaz, gurasoen lagunetatik pasatuz eta irakasleekin jarraituz, haziz nihoan heinean bidea erakutsi, markatu didaten helduek nigandik dena eta gehiago itxaron izan dute. Ez naiz honetan berezia. 

Agian gurasoengan normala da, agian guraso guztiengan euren seme-alabak hoberenak direnaren ustea naturala da. Eta agian, euren haurra, denborarekin ezagutzean, euren itxaropen, frustrazio eta ametsen proiekzioa ahulduz joaten da, haurraren itxaropen eta amets propioen onarpena ekarriaz eta bidea emanez, nahiz eta hasierako nahi hori inoiz ez hil. 

Nire kasuan ez zen gertatu behintzat, lehenengo pertsonan bizi izan dudalako handitu izan dut seguru, irakasle eta beste helduek sua pizturik mantendu izan zuteneko ustea/egia. Ministro izan amestu zuen nonbait ikastolan izan nuen irakasleetako batek eta nigan proiektatu zuen obsesio hura. Nigan baino, gurasoengan. Haiekin bildu eta haur hau ministro izango da, zer gehio behar dute euren haurrarekin maitemindutako gurasoek haur honengan presioa areagotzeko? Baina umea nintzen ni, ez ministroa. Burmuin pribilegiatua omen nuelako gertatzen zen hau guztia, ume berezia omen nintzelako. Baina nire burmuina ez zen, ez da burmuin pribilegiatua. Ez eta ministro batena ere. Erdi-bidean egon naitekela uste dut, ez hainbeste, ez horren gutxi. 

Anbizio artifiziala sortu zuen nire bizitza gobernatzen zuten heldu multzo honen itxaropenak. Oso ume gosea nintzela gogoratzen dut, sortzailea, askea. Asko jaten nuen baita ere, eritetxean amaitzeko lain batzuetan. Enpresa, banku munduak erakarri egiten ninduen eta hauen inguruan sortzen nituen nire jolasak. Edo apika ez mundu hau, telebistak erakusten zuen mundua baizik, arrakasta, dirua. Blake Carrington izan nahi nuen. Ostalaritzak be erakarri egiten ninduen, jatetxe, taberna, diskoteka, hotel kateak sortu nituen nire buruan, enporio izugarri handi eta boteretsua. Zineak ere, takillazo guztien protagonista ikusten nuen nire burua. Eta musikak, batez ere musikak. Agian lortu ahal izan nuen, benetako anbizioa izan banu. Nire anbizioa inguruan nituen helduen anbizioa zen baina. A zer grazia duen ume honek! Aktore famatua izango da! Eta umearengan ordura arte inoiz ez izandako anbizioa sortu zen. A zer ahots polita duen ume honek! Abeslari famatua izango ez bada! Eta jolasa zena plan estrategikoa bihurtu zen. 

Gizon gaztea naiz orain. Presioa ez da horren nabaria baina oraindik hor dago. Ez dakit izan denaren oroimena edo benetako presio garaikidea den. Batzuetan senti dezakedala badakit behintzat. Eta haurra nintzenean beste haurrengan lilura pizten nuen bezala, zeina nerabetasunean bat batean eta era mingarrian desagertu zen, hainbat heldu-kideengan pizten dut orain. Ez guztiengan, jakina, daukatena baloratzen ez dutenengan soilik, hots, gehienengoan. Ep, niri ere gertatu ohi zait. Batzuetan aprobetxatu egiten naiz, etekina ateratzen diot. Jokoa jarraitzen dut, itxura faltsua eraiki dezaten uzten diet. Bestetan baina, nire benetako ni horrek egoeraz jabetu, damutu eta atzera egiten du, ezkutatu egiten da. 

Egunen batean norbaitek ikusi egingo nau, ni, ez nigan ikusi nahi duen hori baizik eta ni, gauza on eta txar guztiekin. Eta pertsona hori benetan ezagutuko nau, ez atsegin edo atsegina suertatzea beste istorio bat da, baina ikusiko nau. Gero gerokoak, ikusi ta gero erabaki ahal izango du. Eta pertsona hori edo horiek nire iguruan dabiltzenetakoak izan zitezkeen. Eta agian denbora kontua da soilik, agian prozesu bat da. Agian, hil baino lehen, norbaitek ikusiko nau eta ez du nigan irudi faltsua eraikiko, ikusiko duena benetan atsegin izango duelako. Eta agian niri gauza bera gertatuko zait, ez dut bestearengan nire desio propioen proiekzioa egingo. 

Momentu hori ailegatu arte, eta itxaropen arrotzak betetzen ez ditudan bitartean, ezegona eta dezepzioa soilik sor ditzaket. Lagunekin tragoren bat edo bi hartzea, libururen bat edo bi irakurtzea, famiarekin ahal denean egotea, abestiren bat edo bi abestea da daukadana bien bitartean.

No comments:

since2010/6tikから

Die in diesem Blog verlinkten und gezeigten Bilder und Videos von anderen Webseiten und Blogs gehören nicht mir. Ich übernehme für diese Inhalte keine Haftung, auch nicht, wenn der ursprüngliche Inhalt geändert worden ist. Alle Bilder und Videos werden nur zur Kommentierung benutzt und keinerlei für kommerzielle Zwecke verwendet. Sollte es Probleme geben, bitte ich Sie, mich zu kontaktieren. Davon ausgenommen sind meine selbstaufgenommenen Fotos, Videos und Ideen.

Creative Commons-en baimena
This lana is licensed under a Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Unported License.