Ez dut Maialen Lujanbio pertsonalki ezagutzen. Beste herri baten gauza bera ikasteak ez luke fakultate berean izan beharko, gurean bai ordea. Horregatik behin edo behin fakultatean ikusia dut, pasiluetan. Klasean aurkitu nuen bere DNIa behin, lurrean, eta idazkaritzara eraman nuen. Prentsan irakurri oi dut Maialenek idazten duena, EHn nagoenean bederen. Bertsozalea naiz, inondik inora entenditua, baizik eta txikitan bertso eskolan zertxobait aritutakoa, bertsopoteo eta bertsoafari baten edo bitan parte hartutakoa eta saio on batekin emozionatzen den beste bertsozale bat. Hori da Maialenekin amankomunean daukadan bakarra. Gutxi.
Hori al da amankomunean daukagun bakarra? Beste herri batean bai, ez gurean ordea. Hitzekin nola jarri Maialenek atzo irabazi zuenean sentitu nuen poza? Ez dut ezagutzen, baina nitarra da. Nola da posible? Ez da posible! Ez, beste herri batetan ez, bai gurean ordea. Nahiko indibidualista naiz ni, oso ez esatearren, baino atzo, bertsoz bertso, egun osoan zehar interneten emanaldia jarraituz, orain jateko zerbait, gero komunera joateko aprobetxatuz, parte sentitu nintzen, familia handi baten parte.
Deitu iezaguzue tribu zeuen poltrona garaietatik, eritzi saltzaile-erosleak, aspalditik urkoaren balorea kuantitatiboki neurtzen duzuen hoiek, Alianza de Civilizaciones hori eraiki nahi duzuen hoiek, herriekin kontatu barik, hori bai. Kosmopolitibismo faltsu baten ordezkariak zuek! Ez bait duzue ulertzen atzo milaka pertsonek sentitu genuena. Eta ez hizkuntza ez ulertzeagatik soilik, handitasun aurreprogramatu baten optikatik begiratzen gaituzuelako, txikitasuna kilogramoetan, sinpleki neurtzen duzuelako. Ez duzue ulertu nahi, ez da ahalmen kontua! Atzo sofatik altxatu ninduena, etxean bakarrik txalotzen jarri ninduena ez da txikia, oso handia da.
Atzo oholtza gainean ez Maialenek, ez beste zazpi bertsolariek, ez zuten DNIaren beharrik izan. Ez aurrean zuten 14,500 pertsonek. Ez etxetik, ez tabernetatik, ez txokoetatik jarraitu genuenok. Ez Documento, ez Nacional, ezta de Indetidadik ere. Ez paperik. Gure dokumentua ez da dokumentu, airea da. Moztu ezin den ura. Maialenek hatsa hartu, katalizatzaile lez jokatu, ahoa ireki eta bat egin gintuen. Bere begien dirdirak gureak busti zituen. BECen gertatutakoak milaka bihotz esteka ikusezinaz lotu zituen. Hau suntsitu dezakeen legea asmatu!
Barkatu Maialen, zurea ez den DNIa aurkitu eta itzuli nizulako. Espreski galdu zenuen akaso, ez duzulako behar.
No comments:
Post a Comment