ETBren webgunetik hartu dut argazkia.
Norberaren bizitzan hainbat gertakari memoriaren irratian (Anari dixit) noiz entzun genituen argi gogoratzen dugu, hots, gertatu zena gertatu zenean non geunden, zer egiten, norekin... gehiegi kosta barik gogoan dugu.
Adibidez, New Yorkeko Dorre Bikiena gertatu zenean Mamarigako jaiak ziren, guraso eta arrebarekin etxeko egongelan biharamuna pasatzen ari ginen, alfonbra gainean etzanda ni, telebistan ez dakit zer ikusten, bat batean Julio Ibarra 'ezbeharraz' hitz egiten agertu zenean (honekin ez naiz horren ziur, agian beste baten bat izango zen, baina ETB2 zen, hori bai). Bigarren hegazkina bigarren dorrea jo zuenean, etxean argi geneukan: ez zen ezbeharra izan, ez lehena, ez bigarrena.
Lady Di hil zenekoa ere gogoan dut. Irratia entzuten loak hartu ninduen eta gaueko ordu txikietan printzesaren eriotzaren berri ematen ari zirela esnatu nintzen. Zergatik ez galdetu. Lola Flores hil zenean antzeko pasadizo bat gogoan dudala uste dut, baina hori memoriaren ziria edo nerabetasunean lobako pasatutako gau askoren errua delakoan nago.
Madrilgo trenen atentatuaren goiz berean Bartzelonako Unibertsitateko Arte Eder Fakultateko Eskultura Ataleko zuzendari Jaume Ros Vallverdúrekin ez dut orain gogoan noren eskultura tailerrera joateko geratua nintzen. Fakultateko atetik irten eta berak eman zidan albistea. Kotxean sartu eta irratia pizteko baimena eskatu nion. Matarórako (Mataró al zen?) bidean buletinak eta hildakoak biderkatzen hasi eta ETA ez zela astakeria horren erantzule esan nion Jaumeri, ez zuela inodik inora zentzurik eta ETA balitz, bereak egin zuela.
Bushek Irak inbaditu zuenean Unter den Linden behera Sylvestre, Virginie, Armelle, Angeliki... eta milaka pertsona gehiagorekin Branderburgoko Atera abiatzen ari ginen. Justu hilabete bat lehenago, 2003ko Otsail hotz hark 20 zituen egunean FHTW eskolan negoen. Orain dela 7 urte izan zen, ondo gogoratzen dut, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean Berlinen nengoen, Arte Ederren azkenengo urtea bukatzen, ordenagailu gelan begi batekin berriak interneten irakurtzen, orain izenik ez duen baina garai haietan gogoko nuen neskari begiratzen bestearekin.
Interneten bidez jabetu nintzen gertatzen ari zenaz eta interneten bidez jabetu naiz gertatzen ari denaz. Berlinen nengoela jabetu nintzen Audiencia Nacional eta Guardia Zibilaren berri paper baten aurkako basakeriaz eta Tokyon nagoela jabetu naiz Audiencia Nacional berak, 'oops, oker genbiltzan' esan eta Guardia Zibilak beste 10 euskalherritar Egunkaria ixteko argudio berekin gaur atxilotu dituenaz. Eskolan nengoela jabetu nintzen Egunkariaren itxiera maltzurraz eta eskolan nagoela jabetu naiz absoluzioaz. Haurrentzako jolas-toki bat diseinatzen ari nintzela ikusi nituen Martxelo Otamendiren torturen osteko bideoak eta japoniera apunteak alboan ditudala 5 auzipetu/absolbituen zuzeneko agerraldia ikusi dut.
Ez dakit hemendik 7 urtera guzti hau gogoan izango edo orain zertan ari naizen gogoratuko dudan. Bada ez bada ere hemen idatzita utziko dut:
Apirilak 15 ditu gaur, gaueko hamarrak dira, nire gelan nago, birpasatu behar baina birpasatuko ez dudan japoniera liburua dut nire ezkerrera, arroz ensalada afaldu berria nere eskuinera, Bat For Lashesen Seal Jubileek xuabe ari du, gaueko bainua hartzen ari diren bi umeren farreak alboko etxetik heltzen zaizkit eta euskaraz idazten ari naizelako etakidea naizela, Japoniari estradizioa eskatu, bloga itxi, torturatu eta espetxeratu ahal nautenaz guztiz jabetzen naiz.
Orain dela 7 urte gertatu zen, gaur egun gertatzen ari da.
PS: Egin gogora ekartzea ez da soberan, gauza bera izan bait zen.