Taipein, Shanbao Temple metro geltokitik hurbil, badago ileapaindegi tematiko bat. Bertan aritzen diren ileapaintzaile guztiak mutil gazteak dira, Ferrari mono gorrian jantzitako mutil gazteak, orrazkera moderno eta tintatutako ilearekin. Mezua, zalantzarik ez dago, ilea mozterako orduan, azkar egiten dutela. Gaur eguneko gazte taiwandarrak ez omen du ilea mozten edo apaintzen denbora galtzen ibiltzeko astirik. Merkatu ikerketa egin duten ala ez, ez dut ideiarik, baina kontzeptu honekin ireki dute ileapaindegia, Ferrari 1 Formula estetikarekin.
Gauzak astiro eta ondo, edo behintzat astiro egiten direlako ondo ateratzen direneko denborak bukatu al dira akaso, baina ni bederan ez nau kontzeptu honek gehiegi konbenzitzen, are gutxiago artaziekin lan egiten den leku batean. Belarriak mozten dituen ileapaintzailearena datorkit burura. Ziurrenik azkarregi joanagatik gertatu zitzaion, zer nola ez duzu ba belarri bat ikusiko? Hori edo psikopata hutsa, eta horrek Sweeney Tod ekartzen dit burura. Finean, ilea moztu behar badut, idei kate honek hurbilen dudan ileapaindegitik hurrun mantentzen nauela.
Taipeiko ileapaindegira bueltatuz, pasatu naizen bakoitzean bezerorik ez nonbait eta zortzi ileapaintzailetik bat lanean ari, besteak aldizkariak irakurtzen, jaten, dena delakoa egiten baina ilerik moztu gabe. Ferrari 1 Formula monoa soinean baina eserita, bezeroa etorri eta amen batean ilea moztearen zain. Ez da gauza ona, ez behintzat nerbioentzako. Sar ninteke, 'astiro moztu' esan. Lastima, ez dakit txinerarik. Ez naiz sartuko, txinerarik ez dakidalako, bi belarri behar ditudalako, aurpegiaren simetria mantentzeko, noizbait, ihauterietan bada ere, belarritakoa jartzeko aukera ez galtzeko.
No comments:
Post a Comment