20100217
20100124
anbizioa porrotaren azken gordelekua da
20091217
dead people
20091215
egunkaria libre

20091214
maialenen DNIa
Ez dut Maialen Lujanbio pertsonalki ezagutzen. Beste herri baten gauza bera ikasteak ez luke fakultate berean izan beharko, gurean bai ordea. Horregatik behin edo behin fakultatean ikusia dut, pasiluetan. Klasean aurkitu nuen bere DNIa behin, lurrean, eta idazkaritzara eraman nuen. Prentsan irakurri oi dut Maialenek idazten duena, EHn nagoenean bederen. Bertsozalea naiz, inondik inora entenditua, baizik eta txikitan bertso eskolan zertxobait aritutakoa, bertsopoteo eta bertsoafari baten edo bitan parte hartutakoa eta saio on batekin emozionatzen den beste bertsozale bat. Hori da Maialenekin amankomunean daukadan bakarra. Gutxi.
Hori al da amankomunean daukagun bakarra? Beste herri batean bai, ez gurean ordea. Hitzekin nola jarri Maialenek atzo irabazi zuenean sentitu nuen poza? Ez dut ezagutzen, baina nitarra da. Nola da posible? Ez da posible! Ez, beste herri batetan ez, bai gurean ordea. Nahiko indibidualista naiz ni, oso ez esatearren, baino atzo, bertsoz bertso, egun osoan zehar interneten emanaldia jarraituz, orain jateko zerbait, gero komunera joateko aprobetxatuz, parte sentitu nintzen, familia handi baten parte.
Deitu iezaguzue tribu zeuen poltrona garaietatik, eritzi saltzaile-erosleak, aspalditik urkoaren balorea kuantitatiboki neurtzen duzuen hoiek, Alianza de Civilizaciones hori eraiki nahi duzuen hoiek, herriekin kontatu barik, hori bai. Kosmopolitibismo faltsu baten ordezkariak zuek! Ez bait duzue ulertzen atzo milaka pertsonek sentitu genuena. Eta ez hizkuntza ez ulertzeagatik soilik, handitasun aurreprogramatu baten optikatik begiratzen gaituzuelako, txikitasuna kilogramoetan, sinpleki neurtzen duzuelako. Ez duzue ulertu nahi, ez da ahalmen kontua! Atzo sofatik altxatu ninduena, etxean bakarrik txalotzen jarri ninduena ez da txikia, oso handia da.
Atzo oholtza gainean ez Maialenek, ez beste zazpi bertsolariek, ez zuten DNIaren beharrik izan. Ez aurrean zuten 14,500 pertsonek. Ez etxetik, ez tabernetatik, ez txokoetatik jarraitu genuenok. Ez Documento, ez Nacional, ezta de Indetidadik ere. Ez paperik. Gure dokumentua ez da dokumentu, airea da. Moztu ezin den ura. Maialenek hatsa hartu, katalizatzaile lez jokatu, ahoa ireki eta bat egin gintuen. Bere begien dirdirak gureak busti zituen. BECen gertatutakoak milaka bihotz esteka ikusezinaz lotu zituen. Hau suntsitu dezakeen legea asmatu!
Barkatu Maialen, zurea ez den DNIa aurkitu eta itzuli nizulako. Espreski galdu zenuen akaso, ez duzulako behar.
20091106
atea
Pausoengatik, euren soinu, intentsitate eta erritmoaz bezala, dutxan ematen zuten denboragatik ere ezagutzen zuen etxeko jendea. Denboragatik eta urak jausterakoan, manpara ireki-ixterakoan... ateratzen zuten zaratagatik. Berak ez zuen dutxan denbora bera ematen, gaur bi minutu, bihar ordu erdia, ez zuen erabiltzen zuen urak, pareta-zoruarekin topatzerakoan zarata berarik egiten eta horrek aztoratu egiten zuen, aztoratu eta beldurtu.
20090506
trenak eta untxiak
Birraititaren untxiekin gogoratzen naiz orain. Ikuiluko atea ezin nuela ireki banekien baina untxiekin jolastu nahi nuen ni. Hurrengo trenean ere sar ninteke, izan ere norantz dihoan badakidalako. Baina ez naiz trenean sartu eta ikuiluko atea zabalik utzi nuen untxiekin jolasten sartu nintzenean. Trenean sartzea erabakia nuen, baina ateak itxiak dira dagoeneko. Hurrengo trenean sar ninteke, baina ziurrenik ez dut hori egingo. Nasan geratuko naiz, trenbidera begira. Hiru, lau edo nik zer dakit zenbat tren pasatuko dira eta ni ez naiz mugituko, ez naiz tren horietan sartuko. Edo bai, baina etxera joateko.
Untxikume batek ihes egin eta jostagarri bere atzetik atera nintzen, nora zoaz? Alboko baserriko zakur batek nola ahoan hartzen zuen ikusi nuen eta zerbait apurtu zen nire barruan, treneko ateak itxi eta bera barruan, ni kanpoan, trenetik kanpo, berataz kanpo nagoela konturatu naizenean legez. Ahoan hartu zuen zakurrak untxitxoa eta nik negarrez atera zazu, atera zazu oihukatu nion. Bizkarrean kolpatu nuen, gogor jo. Zakurra ez zen mugitu eta nik untxia jan egin zuela pentsatu izan nuen. Ikuilu aurreko mailetan ixuritu egin zen nire gorputz txikia, etsituta. Astiro, erruaren pisua haztatuz.
Orain badakit ezetz, ez zuela momentu horretan jan, aho barruan mantendu zuela soilik, eta ahoa eskuekin eutsi eta ireki izan banio, han topatuko nuela untxi-puta. Baina trenean ez naiz sartu, ez dut ahalegin extra hori egin eta zakurra beste nonbaitera joan da ni nasan utzita, untxitxoa lasai asko jaten. Trena ez dudalako hartu. Ea hurrengoan trena hartu eta untxia salbatzen dudan.
20090419
b(f)el(r)arriak mozten dituen ileapaintzailearena
20081229
ahusnarlaria edo plan bat zuen gizona
Gehiegi onartu dut urteotan agian. Gehiegi bizi izan dut kanpoan. Kanpora. Kanpora begira. Kanpotik begira, hobe esanda. Gehiegi begiratu izan dut nire burua, goitik, nire etxea izan dena. Gehiegi, kanpotik begira, bizi izan dudan guztia, jazo zaidan guztia, egin dudan guztia. Ez al da hori, hain zuzen ere, irakatsi didatena?
Ez nagoela prest iruditzen zait eta zeharkatu berri dudan atea berriz ere zeharkatu nahi dut, atzera, barrura itzuli, ibili gabe. Mesedez, bultza nazatela, heldu bizkarretik eta onar nazazue zeuen magaletan. Magal erraldoi bakarrean.
Zirt. Zart. Biderik ez duenaren dilema. Biderik nahi duenarentzat, gaitzerdi. Baina nik ez dut biderik nahi. Nire lekura itzultzea baizik. Nire lekua dena uste dudanera. Zein da nire lekua?
Mundua hartuko dut eskuan. A zer sentsazioa! Horren gutxi pisatzen du nire munduak! Eta hala ere dudan guztia da. Dudan guztia hartu, orduan, fardela, eta aurrera. Ez, aurrera ez. Aurrean dudan kalea zabalegia da. Luzeegia. Alboetatik joango naiz, babestuko nauten kale estuetatik. Astiro.
Airea. Airea berria da. Aire berria, ez berritzailea niretzat. Ez da haizea, airea da. Barruan ez dago airerik. Aurpegi eta eskuetan ematen dit kale kantoi bakoitzean. Bizigarria bada, zergatik ez nau biziberritzen? Gauza ona bada, zergatik ez naiz hobe sentitzen? Ezberdintasuna bada, zergatik ez nau ezberdintzen? Kalean gauden guztioi berdin ematen badigu, zergatik ez dut sentitzen? Hor dago, badakit, ileak mugitzen bait dira, baita neureak ere, eta lepokoak, eta banderak, eta plastikozko, egunkari orrizko txori mutuak. Baina ez dut sentitzen, azala hil zaidalako. Horma garaiek sentiberatasun guztia xurgatu didate.
Nire mundua ez, nire mundua hemen nirekin dagoelako, oihal artean, baina besteen mundua atzera mugitzen zait. Ez dut gelditu nahi eta zeozerri atsegingo zaidanaren aukera eman. Dena den, nahi izan ezgero, ezingo nukeen. Mundua atzera mugitzen zaidalako, besteen mundua. Nirea ez, nirea aurrera, kale estuetatik eta oker bada ere.
Besteen munduek ez naute gustuko, baina niri bost. Ez zaituztet gustuko, ez begiratu niri. Utz nazazue bakean!
Pentsatu behar dut. Hitz egiten badidazu ezin izango dut pentsatu eta ez dizut minik eman nahi. Ez nizuke inoiz minik emango. Inoiz. Baina ez zaitez hurbildu, utzidazu pentsatzen.
Ezin naiz etxera itzuli. Etxea! Ba al dut etxerik? Aspaldi ahaztu nuen hori. Behin bai, etxea izan nuela uste dut. Uste, denbora asko pasa delako. Ametsa dirudi orain. Horma garai artean bortizki esnatu baino lehenagoko amets lainotsua. Baina bai, etxea izan nuenaz ia ziur naiz. Ez al dugu guztiok?
Ostatuan sartu naiz eta atea itxi dut.
-Hau da hau hotza! Egunon!- agurtu du mahaiaz bestaldeko andreak. Alboetara begiratu dut. Niri? Jakina. Denbora askoan hitz egin didan lehenengo emakumea da.
-Eztakit- erantzun diot. Aurpegia okertu dit baina egia da, ez dakit, lehenago ere esana dut ez dudala sentitzen, horma garaiek sentiberatasuna xurgatu zidatela, azala hilda daukadana-. Gela bat nahi nuke.
-Zenbaterako geratuko zara?
-Eztakit.
Gelan, konketa gaineko ispiluan begiratu dut. Ni naiz, baina ez dut nire burua ezagutzen. Hainbeste denbora eta gero nire aurpegia ikusteak ez nau espero nuen bezala eragin. Horma garai artean ispiluetan ez begiratzea erabaki nuen. Denboraren labankadak egingo zizkidan ebakiak ez ikusteko. Aurpegia nirea da, irudia… baina begiak… hain egiten zaizkit arrotzak ispilu barruko begiak! Ispiluak txistu egindako gizona arbuiatzen dut. Atzean duen gela ere ez dirudi ispiluko bera denik.
Ohean etzango naiz. Sabaia begiratzera. Beste ezer egiteko adorerik ez dudalako. Pixkanaka lokartu naiz usaintzen ez duen gela honetan. Ez du usaintzen edo ez dut usaintzen. Agian horma garaiek usaimena ere xurgatu zidaten.
Egun hau laster bukatzea espero dut. Eta bihar prestuago egotea. Egin behar dudana egiteko prestuago. Ez da kemena falta zaidanik. Horma garaiek xurgatu ez didaten gauza bakanetakoa da kemena. Baina lehenengo egun honetan ez dut lo besterik egin nahi. Barruan ez nuen eta lorik egiten.
Bihar prestuago egongo naiz. Kale estu hauek ez zaizkit hain zabalak irudituko eta lasaiago ibiliko naiz. Egin behar dudana egiteko lasaiago. Egingo dudalako, ez naiz orain txikikeriekin hasiko. Ez dut atzera egingo, atzean denbora gehiegi eman dut. Atzeko aldea ondoegi ezagutzen dut aurrealdera joan nahi ez izateko. Baina aurrealdera mugitu baino lehen egin behar dudana egin behar dut. Ez dut presarik. Ni izango naiz egingo duena. Ez beste inor. Ez zait inor aurreratuko, inork ez duelako hori egiteko arrazoirik. Lo egingo dut orain, beraz. Gaurko eguna eta gaurko gaua, eta bihar esnatutakoan argiago ikusiko dut guztia.
Ilun. Esnatu egin naiz eta ilun. Zer ordu izango da? Erlojua begiratu dut eta seiak. Hiruzpalau ordu gehiago, goizegi da. Zer zarata da hau? Goizegi da! Ez al du hemen jendeak lo egiten?
Astiro joan naiz esnatzen. Arratsaldeko seiak direna astiro konturatuko naizelako. Hurrengo orduak ohean etzanda botako ditut, pentsatzen, esnatu naizen jarrera berean, pentsatzen.
Bederatzietan bikote bat eta euren parreak sentitu ditut pasabidean. Alboko gelara sartu dira eta bietako batek musika jarri du. Edanda daude. Euren parreak aztoratzen naute, bereziki emakumearenak. Hortzak estutu ditut. Bere hortzak ikusten ditut, bere mingaina, bere parrea alboan, belarri ondoan izango banu bezala entzuten dut, belarri barruan, bere hortzak, bere mingaina, bere hortz apurtuak, bere mingain odoldua.
Musikaren nota baxuek nire gelako horma, sabai eta zorutik narrazean bidaiatzen dute eta nire ohea mugitzen. Maindireak esku artean estutu ditut. Ez al da hiri honetan pentsatuko duenik? Ez diot inori minik eman nahi. Altxatu eta kalera ihes egingo dut. Ez nauzue irabaziko, ez zarete egin behar dudanaren parte.
Behin kalean arnas egin dut, izan ere emakumearen parre ezatsegin horrek mailetan behera nire zapata zoletan itsatsirik zegoena zirudien. Arnasa. Noiztik ez dut benetan arnas egiten? Horma garai artean sartu baino askoz ere lehenagotik ez dakit arnastea zer den. Baina egin beharrekoa egingo dudanean arnasten ikasiko dut berriro ere. Zu bezala. Zergatik ez? Ez al dut ba sudurrik, ahorik, eztarririk, birikarik zuek guztiok bezala? Ez dut arnasten ordea. Begira gauzak zer diren. Irentsi egiten dut, ahokada handi bat aldi oro. Noiz egin badakit: airea falta zaidanean. Pentsatzen.
Atean nago, orduan. Ostatuko atean. Harrerako andreak zerbait esan dit hallera eskaileratan behera ailegatzerakoan baina ez diot ulertu, edo ez diot ulertu izan nahi, ez bait dut erantzun. Izan ere ez dut pentsatzeko astirik izan.
20081114
ruhe, bewegung
'Ni un paso atrás, ni pa coger impulso' zioten. Beti aurrera, astiro eta errenka bada ere, beti aurrera. Geratu eta ingurura begiratzeko astia hartuta, baina beti aurrera.
I am just passing by, you see
I've got my eyes, my ears, my skin
I am just passing by, indeed
My hands are mountains
They block this sea
I am just passing by, my fear
The limit is unknown, the limit is unclear
But it is passing by, my dear
I see the roughness that I can shear
20080219
botoia sakatzeko beranduegi

Komunean sartzean gizonez beterik aurkitu nuen. Ez zegoen pixatoki librerik eta beste bizpairu tiporekin nire txanda itxoin behar izan nuen. Gizonok ez dugu komunean besteokin topatzea atsegin, bata bestea ignoratzeko saio hutsak egiten ditugu. Komun osoan ez zegoen ni baino baxuago zenik, denak ziren gizon japoniar altuak, denak ni baino altuago. Horrek naizena baino baxuago sentituarazi ninduen, ezeroso, oso ezeroso, txikia, oso txikia. Egoerak egun horretan sentitzen nuen bakardadea areagotzen zuela iruditu zitzaidan. Gora begiratu nuen aitaren aurpegia aurkitzeko, gainean egingo dut begiekin esateko. Aitak eskua estutu eta lasaitzeko intentzioa duen irribar haietako bat bota zidan. Baina lehen bait lehen pixa egitea eta alde egin behar nuela pentsatu nuen nik. Are gehiago, beste nonbaiten pixa egingo nuela pentsatu eta bat batean aitaren eskutik askatu eta ziztu bizian komunetik atera nintzen.
since2010/6tikから
This lana is licensed under a Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Unported License.

